Berriak

Atzealdea Urriaren 14tik abenduaren 16ra bitartean luzatuko da Udazkeneko Kultur Egitaraua

Ostegunean emango zaio hasiera irakurle taldeak ‘Zoriontsu izatea hautatu genuen’ liburuaren inguruan egingo duen saioarekin

2021·10·08


Urte eta erdi egoera zail eta ezegonkor batean egon ostean, kultur jarduerak pandemiaren aurreko normaltasunerako bidean urratsak ematen ari direla esan daiteke, murrizketa ugari bertan behera geratu ostean.

Horren lekuko da Alegiako Kultura batzordeak prestatu duen udazkeneko kultur egitaraua. Ostegunean, urriak 14, hasiko da eta abenduaren 16ra bitartean askotariko hamabi ekitaldiz gozatzeko parada izango da. Antzerkia, musika, hitzaldiak, literatura saioak… Ohi bezala adin guztietara bideraturiko eskaintza prestatu da.

Urriaren 14an irakurle taldeak ikasturteko lehen saioa egingo du. 18:00etatik aurrera Mikel Ayllonen ‘Zoriontsuak izatea aukeratu genuen’ eleberria landuko dute liburutegian Amaia Goikoetxeak gidaturiko saioan. Irakurle taldearen saioak dauden egunetan liburutegia 18:00etan itxiko da. Urriaren 19an Bertzaida Urtazaren ipuin kontaketa izango da haurrentzat liburutegian 17:00etatik aurrera. Hilaren 22an, Dupla talde aguraindarraren kontzertua izango da plazan 22:00etan. Urriko jarduna amaitzeko, hilaren 26an Gorka Zubeldia “Makro”k ‘Non gogoa, han zangoa’ izeneko hitzaldia eskainiko du 18:30ean kultur etxean.

Azarokoekin hasteko, hilaren 5ean, ostirala, haurrentzako ‘Aioko’ antzezlana eskainiko da 17:00etan zinean. Azaroaren 18an, osteguna, ‘Kolorez Jantzia’ ipuin kontaketa musikatua izango da 17:00etan. Azaroaren 24an, Loatzo musika eskolako ikasleek Xexili egunaren bueltako emanaldia egingo dute herrian barrena 18:30ean. Azaroaren 26an ‘Luze eta motz’ ikuskizuna eskainiko dute Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik 22:00etan zinean. Azkenik, azaroaren 30ean Argitu tailerra izango da. “Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!” izeneko hitzaldia eskainiko da kultur etxean 18:00etan.

Abenduan hiru ekitaldi izango dira. Hilaren 10ean, ostirala, Antton Telleriaren ‘Nekatutak’ bakarrizketa izango da 22:00etan zinean. Abenduaren 15ean ‘Ameli’ ipiun kontaketa musikatua izango da 17:00etan liburutegian eta hurrengo egunean, irakurle taldearen saio berri batekin amaituko da egitaraua.

Lotura honetan kontsultatu daiteke egitarau osoa.