Berriak
Atzealdea Urriaren 19tik abenduaren 3ra bitartean luzatuko da Udazkeneko Kultur Egitaraua
2017·10·11
Alegiako Kultura batzordeak prest du Udazkeneko Kultur Egitaraua. Datorren urriaren 19an hasi eta abenduaren 3ra bitartean guztira hamaika ekitaldi ezberdin egingo dira. Ipuin kontaketak, kontzertuak, antzerkia, hitzaldiak, mendi irteerak… Denetik eta denentzat izango duen egitarau horretako lehen ekitaldia urriaren 19ko ipuin kontaketa izango da. “Ameli” kontakizuna eskainiko da 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzat liburutegian. Urriaren 21ean Txintxarri Eguna ospatuko da. Abesbatzak urteroko ospakizuna egiteko baliatzen duen eguna izaten da eta aurten ere kontzertua eskainiko dute. 19:45ean hasiko da elizan eta Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen parte hartzeaz gain, Iosune Marin kitarjolea eta txalapartariak ere izango dira. Hurrengo egunean mendi irteera bat izango da. Bedaio eta Altzo arteko bide aegingo dute Alegiako Mendi Asanbladak antolatuta. Urriko ekitaldiak ixteko, hilaren 27an, ostirala, Mikel Markezek kontzertu bat eskainiko du Elizpe zinean 22:00etatik aurrera. Ekitaldi horri buruzko informazio guztia kultur etxean izango duzue urriaren 16tik aurrera.
Azaroko lehen ekitaldia, hilaren 9ko ipuin kontaketa izango da. “Apatxi” kontakizuna eskainiko da 17:00etatik aurrera liburutegian 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzat. Hilaren 10ean, ostirala, Berrobiko antzerki taldeak “Aingerutxo” antzezlana eskainiko du Elizpe zinean 22:00etatik aurrera. Gurasoei zuzendutako saio pare bat ere antolatu ditu Aralarpean Guraso Elkarteak. Teknologia berriak eta sare sozialak gaitzat hartuta, bi saio egingo dira azaroaren 14an eta 16an, 17:30etik 19:00etara kultur etxean. Azaroaren 22arekin batera, Xexili Deunaren eguna ospatuko da eta Loatzo musika eskolak ospatu egingo du. Herrian zehar kalejira egin ostean, 18:00etan emanaldi bat eskainiko dute plazan eta ondoren txokolatea banatuko da. Azaroaren 25arekin batera, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da eta egun horretako aldarriekin bat eginez, Udalak kontzentrazio bat ospatuko du 19:00etan plazan. Hileko azken ekitaldia hurrengo egunean izango da. Alegiako inguruak ezagutzeko mendi irteera bat egingo da Mendi Asanbladak antolatuta.
Azkenik, abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatuko da. Egun osoko egitaraua prestatu du batzordeak. Goizean argazki rallya egingo da Alegiako Argazkizaleen Taldeak antolatuta. Arratsaldeko 17:00etan zinea euskaraz eskainiko da Elizpe zinean eta 17:30ean gaztaina erreak banatuko dira plazan. Eguna girotzeko, euskal musika entzun ahal izango da egun osoan zehar plazan.
Kultura batzordeak herritarrak ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditu. Ekitaldiak banaka kontsultatu nahi izatera, webgune honetako agenda atalera jo dezakezue.