Berriak

Atzealdea Urriaren 20tik abenduaren 22ra luzatuko da Udazkeneko Kultur Egitaraua

Abenduaren 2an egingo den Inaxio Begiristainen ‘Bata zu eta bestea ni’ obraren antzezpena izango da hitzordu nagusienetako bat

2022·10·17


Urriaren 20tik abenduaren 22ra luzatuko da Alegiako Kultura batzordeak prestatu duen Udazkeneko Kultur Egitaraua. Ohi bezala, ekintza ezberdin ugari eskainiko dira bi hilabetez luzatuko den egitarauan. Irakurle taldearen saioak, ipuin kontaketak, dokumentalak… Ostegunean bertan emango zaio hasiera irakurle taldeak ‘Landa aldeko neskak’ eleberriaren inguruan egingo duen saioarekin.

Egitarauko hitzordurik nagusiena abenduaren 2an, ostirala, ‘Intxurre antzerki taldea, Inaxio 100 urte’ taldeak taularatuko duen ‘Bata zu eta bestea ni’ antzezlana izango da. Inaxio Begiristainek idatzitako obra prestatzen aritu da herritar talde bat eta hitzordu berezia izango da, aurten bete delako Begiristainen jaiotzaren mendeurrena. Datozen asteetan emango da emanaldiaren inguruko informazio zehatzagoa eta zabalagoa.

Bestekoan, urriaren 26an etxeko argindar faktura nola murriztu jakiteko tailer bat egingo da kultur etxean 18:30ean. Bertan parte hartu nahi dutenek urriaren 24ra bitartean eman dezakete izena argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 605 75 76 87 telefono zenbakira deituta. Urrikoekin amaitzeko, hilaren 27an, osteguna, Haizea Loira ipuin kontalariak haurrentzako saio bat eskainiko du liburutegian 17:00etatik aurrera.

Azaroaren 16an, asteazkena, ‘Apaiz kartzela’ dokumentala eskainiko da 19:00etan Elizpe zinean eta ondoren, Ritxi Lizartza zuzendariarekin eta protagonistetako bat den Xabier Amurizarekin solasaldia izango da. Hilaren 17an, osteguna, Ines Bengoa ipuin kontalariaren emanaldia izango da 17:00etan liburutegian. Azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da eta eguneko aldarrikapenekin bat egiteko ekintzak izango dira.

Abenduari aurrez aipaturiko antzerki emanaldiarekin emango zaio hasiera. Hilaren 15ean irakurle taldearen saioa izango da 18:00etan liburutegian eta egitaraua ixteko, Bertzaida Urtazaren ipuin kontaketa izango da abenduaren 22an 17:00etan liburutegian.

Ekitaldi bakoitzari buruzko informazioa, lotura honetan.