Berriak
Atzealdea Urriaren 21etik abenduaren 14ra luzatuko da Udazkeneko Kultur Egitaraua
2023·10·20

Alegiako Kultura batzordeak prest du larunbat honetan hasi eta datozen asteetan zehar luzatuko den Udazkeneko Kultur Egitaraua. Zortzi egunetan banatuko diren ekintza ezberdin ugari antolatu dira eta horietako lehena larunbatean bertan, urriak 21, 17:30etik aurrera plazan jokatuko den harrijasotzaileen XVI. Txintxarri Saria izango da. Gizonezkoen hiru bikotek hartuko dute parte lehiaketan eta emakumezkoen erakustaldia ere izango da.
Urriaren 27an Andoni Mutiloak ‘Sex sua’ ikuskizuna eskainiko du 22:00etatik aurrera zinean. Emanaldi horretarako sarrerak urriaren 18tik salgai dira kultur etxean 6 euroko prezioan. Urria amaitzeko, Gau Beltza ospatuko da Alegian. Arratsaldean ipuin kontaketak eta tailerrak egingo dira. ‘Xanduli Manduli… animen gaueko kontuak’ ipuin kontaketak izango dira liburutegian, 17:00etan 6-9 adin tartekoentzat eta 17:30ean 10-12 adin tartekoentzat. Horri lotuta, Gau Beltzeko tailerrak egingo dira kultur etxean. 16:30ean HH2-HH5 mailetakoentzat, 17:30ean LH1-LH3 tartekoentzat eta 18:30ean LH4-LH6 artekoentzat. 0-6koen kasuan, heldu batek lagunduta joan beharko dute. Tailerretan izena emateko epea urriaren 23tik 27ra luzatuko da eta kultur etxean edo webgune honetako formularioaren bidez eman beharko da. Eguna amaitzeko, 20:00etan 12-16 adin tartekoentzako 0,0 zahagiardoa izango da plazan eta ondoren photocalla.
Azaroaren 14an, asteartea, Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa izango da 17:00etan liburutegian. Hilaren 20an, Xexili egunaren bueltan, ganbara kontzertua izango da 18:30ean kultur etxeko areto nagusian eta azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Eguneko aldarrikapenekin bat egingo da. Egun horretako ekintzen berri laster emango du batzordeak.
Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko da, igandez. Egun horretako egitaraua osatzen ari da batzordea. Azkenik, abenduaren 14an bi hitzordu izango dira. 17:00etan Perli eta Koxkoloren ‘Abentura zirraragarria’ ipuin kontaketa izango da liburutegian eta 18:00etan irakurle taldeak Nerea Baldaren ‘Azpimarrak’ eleberria aztertzeko saioa egingo du.