Berriak
Atzealdea Urriaren 5ean hasiko da Txintxarriak Martxanen denboraldi berria
2023·09·29
Bueltan da Txintxarriak Martxan ekimena. Udako etenaldiaren ostean, urriaren 5ean hasiko da 2023-2024 denboraldia. Adinekoei zuzenduriko ibilaldiak egiten dira ostegunero 11:00etan plazatik abiatuta eta egitasmo honen helburuak, pertsona horiek ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea dira.
Alegiako Udalak eta osasun etxeak antolatzen dute Txintxarriak Martxan baina laguntzaile ugari dituzte inguruan. Alde batetik, ibilaldietan gurpildun aulkietako pertsonei eta bestelako lanetan laguntzen duten Nagusilan, eliza, jubilatuen elkartea eta aurten esku bat botatzera animatu diren Aralar institutuko ikasleak. Horiekin batera, ezin ahaztu ibilaldien osteko hamaiketakoa prestatuz laguntzera animatu diren Jubilatuak, Iskiña, Hilario Berri, Eizmendi eta Txintxarri tabernak. Izan ere, aurten ostegunero izango dute hamaiketakoa parte hartzaileek ibilaldiak amaitu ostean.
Parte hartzea hedatzeko asmoz, antolakuntzak gutunak bidali dizkie herriko adineko pertsonei Txintxarriak Martxanen parte hartzera animatuz. Hasierako urte onen ostean, pandemiaren eraginez parte hartzaileen kopurua jaitsi egin zen eta aurten lehengo kopuruetara hurbiltzea da helburua. Oraingoz 44 pertsona daude izena emanda baina parte hartu nahi duen oroko ostegunetan 10:30etik aurrera plazan bertan ere eman ahal izango du izena.
Ibilaldiei dagokienean, bi talde antolatu dira. Ibilbide luzeak egingo dituztenen taldean 18 lagun daude oraingoz eta ibilbide laburrekoan 26. Pixkanaka kopuru horiek handitzen joatea da helburua eta adinekoak egitasmoarekin bat egitera animatu nahi dira, zentzu guztietan onuragarria delako.
Alegiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie modu batera edo bestera Txintxarriak Martxan ekimenean laguntzen duten norbanako zein eragileei.