Berriak
Atzealdea Urriaren 5ean irakurle taldeak Jon Arretxeren Lyrica Garaia liburua aztertuko du 18:00etan liburutegian
2023·09·29

Urriaren 5ean, osteguna, Alegiako irakurle taldeak saio berri bat egingo du. Jon Arretxe idazle basauriarraren Lyrica Garaia eleberria izango dute aztergai 18:00etatik aurrera liburutegian, Amaia Goikoetxeak gidatuko duen saioan.
Bilboko Afrika Txikira itzuli da Toure. Sa Kenegatik kezkatuta dago, Madrilen bisita egin zionean gorputzean markak eta beltzuneak igarri baitzizkion. Gure sasidetektibea argitzen saiatuko da bere amorante lagunari zer gertatzen ari zaion, bidean oztopoak aurkituko baditu ere, eta min ematen duten egiak.
Prostituziorako lege berria dela, gentrifikazio-prozesua dela, hiri osoko aldaketa sakonak direla…, auzoa, nola edo hala, aurre egiten ari zaio etorkizun hurbileko errealitate zalantzagarriari.
Baztertuen munduan girotutako Lyrica Garaian, Toureren sagako bederatzigarrenean, Jon Arretxek maisuki tartekatu ditu auzoko giroari buruzko deskribapenak eta pertsonaien arteko elkarrizketa gogoangarriak, umoreari iskin egin gabe. Trama bizi eta zorrotzak irakurlea harrapatu eta ustekabeko amaiera batera eramango du.
Betiko moduan, saioan parte hartzeko liburua irakurri beharrik ez dagoela gogorarazten da eta saioak irauten duen bitartean liburutegia itxita egongo da.