Berriak

Atzealdea Urriaren 6an Txintxarriak Martxan izango dira

Berriz ere pandemiaren aurreko parte hartze mailetara iristea da antolakuntzaren helburua

2022·10·03


Urriaren 6an itzuliko dira Txintxarriak Martxan ekimeneko ibilaldiak. 2022-2023 ikasturtea pandemia aurreko parte hartze mailetara iristeko denboraldia izatea nahi du antolakuntzak eta horregatik, adinekoak ekimenean izena ematera animatu nahi dira hasieratik.

Adinekoak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta elkarren arteko harremanak sustatzea helburu dituen egitasmoa da Txintxarriak Martxan. Udalak, Alegiako osasun zentroak eta herriko beste hainbat eragile biltzen dira antolakuntzan eta ostegunero 11:00etatik aurrera egingo diren irteeretan, adinekoei laguntzen aritzen dira eragile horietako bolondresak.

Txintxarriak Martxanen parte hartu nahi duten adinekoek oso modu errazean eman dezakete izena. Edozein ostegunetan 10:30etik aurrera udaletxeko arkupeetara hurbildu daitezke eta antolakuntzak izena emateko bertan jartzen duen puntuan eman ahal izango dute. Ekimena doakoa da eta Udaletik adinekoak bertan parte hartzera animatu nahi dira, asko direlako beraientzat dituen onurak.