Berriak

Atzealdea Urtarrilaren 17tik martxoaren 31ra luzatuko da Neguko Kultur Egitaraua

Ohi bezala, adin guztietako herritarrei zuzenduriko ekitaldi ugari prestatu dira

2024·01·11


Urte berriko lehen hilabeteetan ez da kultur eskaintzarik faltako Alegian. Urtarrilaren 17an hasi eta martxoaren 31ra bitartean luzatuko den Neguko Kultur Egitaraua aurkeztu berri du Udalak eta ohiko moduan, adin guztietako herritarrei zuzenduriko ekintzak prestatu dira. Hamaika izango dira guztira eta horietako lehena hilaren 17an egingo da. Egun horretan Haizea Loiraren ‘Behin batean dantza artean’ ipuin kontaketa izango da 17:00etan liburutegian.

Otsailaren 4an, igandea, Txintxarri Abesbatza kultur elkarteak antolatuta, Santa Ageda bezperako Kantu Eske Herrikoia egingo da. Nahi duten herritar guztiek hartu ahal izango dute parte eta kantariez gain, herriko soinujoleen eta bertsolarien laguntza ere izango dute 18:30etik aurrera. Otsailaren 11n berriz, inauterietako zahagiardoa egingo da plazan.

Martxoaren 1ean, ostirala, Jon Plazaolak ‘Tu-Tum Platz!’ bakarrizketa eskainiko du 22:00etan zinean. Martxoaren 8an, ostirala, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da ‘Ainarak’ dokumentalaren proiekzioa eta Anne Etchegoyen protagonistarekin solasaldia izango dira. Hilaren 12an eta 19an, Ahoz-aho nazioarteko ahozkotasun jaialdiaren baitako bi ekitaldi izango dira. Martxoaren 12an Maider Galarzaren eta Carolina Rueda kolonbiarraren ipuin kontaketa izango da eta 19an, Dorleta Kortazar eta Celine Rainord frantziarra ariko dira. Bi saioak 17:00etan hasiko dira liburutegian.

Martxoaren 13an, asteazkena, haurren eta nerabeen gurasoei zuzenduriko ‘Bullying egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu’ hitzaldia eskainiko du Ortzadar taldeak 18:30etik aurrera kultur etxean. Hurrengo egunean, martxoak 14, Alegiako Irakurle Taldeak urteko lehen saioa egingo du 18:00etatik aurrera liburutegian. Karmele Jaioren ‘Maitasun kapitala’ liburua aztertuko dute, Amaia Goikoetxearen gidaritzapean.

Martxoaren 22an, Sutarri dantza taldearen emanaldi berezi bat izango da kultur etxean. Aurten 25 urte betetzen ditu dantza taldeak eta mimo handiz ari dira berau prestatzen. Azkenik, hilaren 31n, igandea, pazko eguneko zahagiardoa izango da plazan.

Ekitaldi guztien inguruko informazioa, lotura honetan.