Berriak

Atzealdea Urtarriletik apirilera sukaldaritza tailer bat eskainiko da

Izena emateko epea urtarrilaren 12tik 16ra egongo da zabalik formulario bidez

2026·01·09


Alegiako Kultura batzordeak antolatuta, urtarriletik apirilera sukaldaritza tailer bat eskainiko da. Saioak astelehenetan izango dira herriko elkarte gastronomikoetan. Urtarrilaren 19an Intxurre elkartean izango da, otsailaren 23an Txintxarri elkartean eta martxoaren 23an Gure Etxea elkartean; hirurak 18:30ean hasita. Ikastaroa amaitzeko oraindik zehazteko dagoen laugarren saio bat egingo da apirilean eta parte hartzaileen artean erabakiko da nolakoa izango den. Ikastaroa Arzak jatetxean ari den Lander Cornago sukaldari alegiarrak eta Altzoko jatetxeko sukaldari den Jokin Zabalak eskainiko dute.

Parte hartzaileek 75 euro ordaindu beharko dituzte eta prezio horretan ikastaroko lau saioetan hartu ahal izango dute parte. Ordainketa kultur etxean egin beharko da. Elkarteetako saioetan prestatzen den janaria, saioaren ostean elkartean bertan jango dute parte hartzaileek. Otordu horretan elkartean egiten den gastua, parte hartzaile bakoitzaren kontu izango da. 

Izena emateko epea urtarrilaren 12tik 16ra bitartean egongo da zabalik eta formulario bidez egin beharko da. Batzordetik herritarrak ikastaroan parte hartzera animatu nahi dira.