Berriak
Atzealdea Uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira
2020·05·27
Uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira. Hasiera batean apirilaren 5erako zeuden aurreikusita baina COVID-19ak eragindako osasun krisialdiaren eraginez atzeratu egin ziren. Bada, data berriari begira, prozedura administratiboa martxan da. Eusko Jaurlaritzak, osasun irizpideak kontuan hartuta, posta bidezko botoaren aldeko hautua egiteko gomendioa egin die herritarrei, hauteslekuetan jendea pilatzea ekiditeko helburuarekin. Posta bidez bozkatu nahi dutenek zabalik dute eskaera egiteko epea. Uztailaren 2ra bitartean eskatu ahal izango da eta interesatuek posta bulegoan egin behar dute eskaera hori. Eskaera egiteko orria Espainiako Estatistika Erakundearen webgunean ere bete dezakete, hala nahi dutenek. Ekainaren 22tik uztailaren 5era bitartean etxean jasoko da botoa emateko behar den dokumentazio guztia gutun ziurtatu bidez eta behin hori jasota, uztailaren 8ra bitarteko epea izango da posta bulegora joan eta botoa emateko.
Hauteslekuetako mahaietan egon beharko duten herritarrak aukeratzeko zozketa ekainaren 15ean, astelehena, egingo da 13:00ean Alegiako udaletxean eta zozketan egokitzen direnek ondorengo egunetan jasoko dute jakinarazpena.
Hauteskundeei begira, herritarrei arduraz jokatzeko eskatu nahi zaie. Udalak beharrezkoak diren segurtasun eta higiene neurriak hartuko ditu hauteskunde eguna normaltasunez joan dadin, dagozkion berme guztiekin. Herritarrei ere bozkatzera maskarilarekin joateko eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartzeko eskatzen zaie, botoa emateko txandak errespetatuz, pazientzia izanez eta jende pilaketak ekidinez.