Berriak

Atzealdea Uztailaren 14tik 17ra ospatuko dira Alegiako jaiak

Udal talde berriak botako du aurten festen hasiera iragarriko duen txupinazoa

2023·07·07


Uztailaren 14tik 17ra ospatuko dira 2023ko Alegiako jaiak. Ostiral arratsaldetik astelehenera egitarau zabal eta anitza izango dute alegiarrek eta bertaratzen direnek. Ostiral arratsaldean haurren Santos futbol torneoko finala jokatuko da 17:00etan eta 18:00etan Alegiako eta Billabonako erraldoiekin, buruhaundiekin, Loatzo musika eskolako musikariekin eta Giroarte dultzaina taldearekin kalejira egingo da Larraitz auzotik plazaraino. 19:00etan ekainaren 17an kargua hartu zuen udal talde berriak botako duen txupinazoarekin hasiko dira festak eta Txintxarria jaitsiko da. Zubian egingo den lehen zahagiardoaren ostean, 23:00etan Ezpalak eta Bad Sound taldeak ariko dira plazan.

Larunbata Giroarte dultzaina taldeko kideen dianarekin esnatuko da eta eguerdian jada tradizio handia duen sagardo dastaketa izango da sardina eta txorizo erreekin. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi eta Aulia sagardotegietako sagardoa dastatu ahal izango da. Arratsaldean, Jokai, euskal mitologian oinarrituriko jolasak izango dira 17:00etan eskolako patioan eta merienda banatuko da. 19:00etan bertsolariak izango dira plazan. Maialen Lujanbio, Eñaut Martikorena, Jexux Mari Irazu eta Alaia Martin ariko dira kantuan Iker Iriartek jarritako gaien inguruan. Zahagiardoaren ostean Kaiña-Bi Trikifarrarekin kalejira izango da eta gauerdian DJ Risas ariko da plazan.

Igande goizak hitzordu bat dakar berarekin Alegiako jaietan. Herriko txistulari ohien diana izango da eguneko lehen hitzordua. 11:00etan Alegiako erraldoien eta Giroarte dultzaina talderen kalejira izango da. 12:15ean Golden Apple Quartet taldearen kontzertua izango da plazan eta Iraunkorrak txaranga kalez kale ibiliko da egun osoan zehar. 17:00etan sokamuturra izango da plazan eta 18:30ean berriz ere erraldoien eta dultzaineroen kalejira izango da Larraitz auzoko plazaraino. 19:00etan bike trial erakustaldi bat egingo du Benito Rosek plaza horretan bertan eta Larraitz auzoan egingo den zahagiardoaren ostean, Mugi panderoa taldearekin erromeria izango da plazan.

Azken eguna ere bete-betekoa izango da Alegiako jaietan. 9:00etan jubilatuen mendi irteera abiatuko da eta 9:30ean Eider eta Maider trikitilariekin kalejira izango da. 11:00etan jubilatuen hamaiketakoa eta bingoa izango dira. 11:00etatik eta 16:30etik aurrera haur parkea zabalik izango da eskolako patioan. Arratsaldean, herritarren arteko toka txapelketa egingo da 18:30ean eta 19:30ean Joxe Mendizabalekin erromeria izango da. Azken zahagiardoaren ostean, Sutarri dantza taldearen emanaldia izango da plazan eta Joxe Mendizabalen erromeriak jarraipena izango du. Gauerdian Txintxarria agurtu eta jaiak amaitutzat emango dira.

Lotura honetan kontsultatu dezakezue egitarau osoa.

Bulebarrean 12tik 16ra

Ohi bezala, gaztetxeak antolatutako egitaraua ere izango da bulebarrean. Uztailaren 12an, asteazkena, emango zaie hasiera festei eta herriko bertsolarien saio entzutetsuarekin amaituko dira hilaren 16an, igandez. Lehen eguneko sagardo dastaketa, ostiraleko herri bazkaria eta musika eskaintza anitza izango dira beste urte batez bulebarreko hitzordurik nagusienetakoak, txotxongilo tailer eta magia saioekin batera.