Berriak
Atzealdea Zaintzaren inguruko ‘Alegia zainduz’ prozesu parte hartzailea jarriko da abian eragile ezberdinen elkarlanari esker
2025·05·05

‘Alegia zainduz’ prozesu parte hartzailea jarriko da abian datozen egunetan. Herriko eragile ezberdinen elkarlanari eta Alegiako Udalaren koordinazioari esker, herritarrek adinekoen zaintzaren inguruan duten iritzia emateko aukera izango dute. Horretarako, laster etxe bakoitzean banatuko den galdetegia erantzun beharko dute herritarrek. Paperezko euskarrian bezalaxe, galdetegian bertan dagoen QR kodearen bidez eta udal webgunearen eta gailu mugikorretarako Alegia APP aplikazioaren bitartez ere erantzun ahal izango da galdetegia.
Paperean erantzuten diren galdetegiak herriko bost puntutan egongo diren postontzietan bota ahal izango dira: jubilatuen egoitzan, osasun zentroan, kultur etxean, farmazian eta udaletxean. Galdetegiak erantzuteko epea maiatzaren 23an amaituko da eta egitasmoa aurkezteko Alegiako udaletxean egin den prentsaurrekoan, Edurne Arrayet zinegotziak adin guztietako herritarrak galdetegia erantzutera animatu ditu, Alegian zaintzaren alorrean dagoen errealitatea ezagutzeko herritar guztien iritzia baliagarria izango delako.
Regina Sorarrain alkateak, prozesu hori garatu ahal izateko herriko eragile ezberdinek erakutsi duten prestutasuna jarri nahi izan du balioan. Zaintza kontzeptua oso zabala eta garrantzitsua dela adierazi du eta hirugarren adinekoen zaintzan zentraturiko prozesua izango dela gaineratu du. Prozesu hori garatu ahal izateko Alegiako Zaintza Mahaia eratu da. Beronek jardungo du talde eragile modura eta prozesuaren bilakaeraren berri emango die herritarrei. Ondoko eragileak biltzen ditu:
-Alegiako Udaleko hautetsiak.
-Alegiako Udaleko Gizarte Zerbitzuak.
-Osasun zentroa.
-Etxez etxeko zerbitzua ematen duen enpresa.
-Farmazia.
-Jubilatuen elkartea.
-Txintxarriak Martxan.
-Familia ez formal bat.
-Zaintzan diharduten pertsonak.
-Zaintzan diharduten bolondresak.
-Apaiza.
-Emakume atzerritarrei euskara klaseak ematen dizkien taldea.
Prentsa agerraldian, zaindu beharreko adinekoak dituen familia bateko kide den Patxi Renobalesek ere hartu du hitza. Prozesuan parte hartzeko proposamena jaso zuenean pozez hartu zuela aitortu du eta nabarmendu du emakumezkoak direla zaintzan gehien dihardutenak. Adineko pertsonak etxean sartuta somatzen dituela adierazi du eta kalera gehiago atera beharko luketeela.
Jubilatuen ordezkari modura, Jose Luis Beainek hartu du hitza. Jubilatuak eta jubilatu gabeak galdetegia erantzutera animatu ditu, ahalik eta ondorio gehien eta positiboenak atera ahal izateko.
Udalak ere herritarrak galdetegia erantzutera animatu nahi ditu.