Berriak

Atzealdea Zure zakurra, zure ardura

Udalak txakur jabeek jasotako hondakinak botatzeko edukiontzi bat jarri du kalegoran, egiten ari den lanketa baten baitan

2025·02·03


Alegiako Udalak txakur kaken arazoari irtenbide bat emateko urratsak ematen jarraitzen du. Gorotzak topatzen diren puntuetan banderatxoak jartzen hasi zen duela aste batzuk baina horrez gain, txakur jabeei erraztasunak ematea ere bada helburua. Zentzu horretan, txakur kaka asko pilatzen den puntuetako bat da kalegoratik aforalekura doan bidea.

Udala kaleko edukiontzi txikien inguruko berrikusketa bat egiten ari da: berriak jarri, lekualdatzeak… eta lanketa integral horren barruan, errefusa edukiontzi grisena ere sartzen da. Aurrez ere aipatu zen txakurren hondakinak errefusara bota behar direla eta kalegoran edukiontzi gris bat jarri da, inguru horretan dabiltzan txakurren jabeek hondakinak bertara bota ahal izateko. ‘Zure txakurra, zure ardura’ esaldia daramaten pegatinak jarri zaizkie edukiontzi horiei.

Udalak bere baliabideak jartzen dituen neurrian, txakur jabeei arduraz jokatzeko eskatu nahi die eta har dezatela dagokien erantzukizuna.