Berriak
Atzealdea

Giro ederrean jokatu zen Intxurreko eta Realeko gizonezko beteranoen arteko futbol partida

Intxurre elkartearen 50. urteurrenaren baitako ekitaldia izan zen eta Realak 1 eta 8 irabazi zuen

2022·04·11


Intxurre elkartearen 50. urteurreneko ekitaldien barruan, Intxurreko eta Realeko gizonezkoen beteranoen futbol taldeen arteko partida bat jokatu zen larunbat arratsaldean Elorri futbol zelaian. Eguerdian pilotalekuan jarritako puzgarriek zerbait berezia zetorrela iragartzen zuten eta hala izan zen. Jendetza elkartu zen Elorri zelaian 17:00etatik aurrera bi taldeen arteko partida ikusteko. Bixio Gorriz, Miguel Fuentes, Luis Perez, Iñigo Diaz de Cerio eta beste hainbat jokalari ezagun etorri ziren Realarekin eta adinean gora doazen arren, lehen mailako futbolariak zergatik izan ziren erakutsi zuten.

Intxurrek sartu zuen partidako lehen gola baina lehen zatiko erditik aurrera, Reala nagusi izan zen eta bereziki bigarren zatiaren hasieran zabaldu zuten markagailuan aldea. Dena den, larunbatean emaitza zen gutxienekoa eta giro ederrean jokaturiko partida izan zen. Elorrin bildutako zaleek txalo zaparrada handi batekin agurtu zituzten jokalariak.

Intxurrekoen emaitzak

Lehia ofizialari dagokionean, Intxurreko futbolariek aste santuko bi asteko etenaren aurreko azken jardunaldia jokatu zuten. Erregional mutilek 0 eta 2 irabazi zuten San Marcialen aurka eta igoera faseko zortzigarren postuan daude. Gorengo mailako neskek 2 eta 0 galdu zuten Euskaldunaren aurkako kopako partida eta seigarren postuan daude. Jubenil mutilek 6 eta 2 amore eman behar izan zuten Ordizian kopan eta bigarren jarraitzen dute liderrarrekin berdinduta.

Kadete mutilek garaipen berri bat lortu zuten igoera fasean. Vasconiari 3 eta 2 irabazi zioten eta lehen postuan diraute. Infantiletan, mutilek 5 eta 1 irabazi zioten Beasaini eta neskek bina berdindu zuten Danenaren zelaian.

Argazkia: ataria.eus