Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogorarazi nahi da kanpainaren bidez

2021·06·23


Ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera izango da kanpaina, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko. Horretarako hainbat baliabide eskainiko ditu UEMAk, eta iaz bezala 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean. Dozenaka udalek eta hainbat garapen agentziak egingo dute bat kanpainarekin, iaz bezala.

Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.
Azken batean, bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, “askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.
Merkatariak eta ostalariak sentsibilizatzeko sortutako bideoan, zehazki, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak udaberrian landu duten Arnasa Gara kanpainaren baitako Euskara da gure postalik ederrena bideoa erabili dute. Izan ere, gure herriak, gure bazterrak eta gure produktuak nabarmentzen ditugu bisitariak erakartzeko, bertako elikagaiekin eta kulturarekin batera.