Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Ekitaldi gehienetan jende kopuru polita elkartu da eta gonbidapenak hartzeko sistemak ondo funtzionatu du

2021·07·27


Alegiako Udalak esker ona adierazi nahi die herritarrei udako kultur egitarauko ekitaldiei eman zaien erantzunagatik. Ekainaren 11n hasi eta uztailaren 21era bitartean askotariko hamaika ekintza eskaini dira eta adin guztietako alegiarrek zein inguruko herrietako biztanleek ere, harrera egin diote egitarauari. Haurrei zein helduei zuzenduriko antzerkiak, bertso saioak, kontzertuak, kamiseta tailerrak, aire libreko zinema proiekzioak… Kultura sailak ahalik eta egitaraurik anitzena antolatu nahi izan du beti ere osasun egoera kontuan hartuta eta indarrean diren prebentzio neurriak betez.

Ekintzetan parte hartu nahi zutenentzat ere izan dira berrikuntzak. Izan ere, aurrez gonbidapena erreserbatu behar izan da. Edukierak mugatuta dauden garai hauetan, Udalak modu horretan funtzionatu behar izan du. Jakitun da hainbat herritarrentzat ez dela modurik erosoegia eta horregatik, telefono bidezko erreserba aukera ere eskaini da. Aurrera begira sistema hori lehenestea da Udalaren intentzioa, hobekuntzak eginez eta irisgarritasuna zabalduz.

Gauzak horrela, balorazio positiboa egin da eta Kultura sailak hauspotu bat hartu du azken urte eta erdiko eskaintza murritzaren ostean. Gauzak horrela, udazkenean Kultura batzordea berrabiaraztea da asmoa eta betiko moduan, bertako ateak edonorentzat zabalik daudela gogorarazten da. Ekarpenak, ideiak, proposamenak… dena izango da ongi etorria, orduan eta ideia anitzagoekin egitarau aberatsagoak osatuko direlako.

Beraz, udazkenean egingo den deialdi horretara animatzeko deia egiten da, berriz ere eskerrak ematearekin batera.