Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Azaroaren 1a izango da azken eguna eta bi lan sarituko dira, bakoitza 6000 eurorekin

2021·09·07


Iñaki Arregi ikerketa beka sortu zuen UEMAk 2019an, udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko. Orain bigarren deialdiaren oinarriak zabaldu ditu eta laguntza jaso nahi duten egitasmoek azaroaren 1era arteko epea izango dute laginak aurkezteko. Eusko Jaurlaritzaren babesa du bigarren deialdi honek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kontseiluaren eta UEUren laguntzarekin batera. Bi lan sarituko dira, bakoitza 6.000 eurorekin.

Hainbat eragileren artean azken urteotan egindako jardunaldietan nabarmendu izan den moduan, udalerri euskaldunak garatzea da arnasguneei eusteko modurik eraginkorrena. Ondorio horri tiraka, udalerri euskaldunak garatzeko askotariko moduak ikertu eta landu nahi ditu bigarren deialdi honek, horretarako oinarri izan daitekeen esparruetako batetik abiatuta: demografikoa, sozioekonomikoa, soziokulturala edo sozioekologikoa, besteak beste.

Bigarren deialdi honetan, 6.000 euroko bi lan sarituko dira. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea azaroaren 1ean amaituko da, eta epaimahaiak azaroaren 17an jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izango diren. Egun horretatik aurrera, saridunek hamabi hilabeteko epea izango dute laginak garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Amaitzean, gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek.

Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute.

Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak, eta UEMAk antolatuko dituen jardunaldietan ezagutaraziko dira lan saridunen edukiak.

Oinarriei eta eskaerak egiteari buruzko informazio guztia UEMAren webgunean duzue.

Iñaki Arregiren oroimenezko beka

Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) izan zen UEMAren koordinatzailea, hil zen arte. Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea. UEMAren arima izan zen, sorreratik. UEMAk 2019an erabaki zuen ikerketa beka sortzea eta bekari Arregiren izena ematea, egindako lana eta ekarpena aitortu nahian.

Lehen deialdian, bi lan saritu zituen epaimahaiak. Batetik, Joseba Garmendiaren lan teorikoa, udalerriak garatzeko estrategien ingurukoa. Bestetik, Enara Eizagirrek, Edurne Urrestarazuk eta Ekhi Zubiriak elkarlanean egindakoa, udalerri euskaldunetara heldutako erdaldunek euskararen inguruan dituzten iritziak eta bizipenak aztertuz.