Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Larunbatean 17:00etan Bergara Soraluceren aurka ariko dira etxean eta atsedenaldian omenaldi bat egingo zaio Jexux Mari Otaño zenari

2021·11·09


Elorri Aldapa saskibaloi taldeak garaipen handia lortu zuen larunbatean Beasainen. Arri BKL Gaztelu taldearen aurkako ligako partida izan zuten eta nagusitasunez irabazi zuten, 39-60. Hasieratik nagusi izan ziren alegiarrak eta une oro markagailuan alde handiz joan ziren aurretik. Sendotasun handia erakutsi zuten eta aurkariari ez zioten partidan sartzen utzi. Garaipen honekin sailkapeneko bigarrenak dira lau punturekin, jokaturiko bi partidak irabazita. Larunbatean etxean izango dute hurrengo partida. 17:00etatik aurrera sailkapenean puntu kopuru berarekin dagoen Bergara Soraluceren aurka jokatuko dute Elorrin.

Jexux Mari Otañori omenaldia

Larunbateko partidaren atsedenaldian Elorri Aldapa taldeak omenaldi bat egingo dio Jexux Mari Otaño zenari. Langaurre Txirrindulari Elkarteko kide izan zen Otaño eta urte luzez egindako lanaren errekonozimendua jasoko du bere sendiak, saskibaloi taldearen aldetik. Senitartekoei makila, lore sorta eta taldeko elastikoa emango dizkiete Elorri Aldapako zuzendaritzako kideek zein jokalariek eta ohorezko aurreskua ere eskainiko zaio Otañori.

Triple saskiratze jokoa

Elorri Aldapa saskibaloi taldeko kideek ikusleen parte hartzea ere sustatu nahi dute etxeko partidetan, sariak irabazteko aukera emanez. Partida ikustera hurbiltzen direnek, atsedenaldian hiruko jaurtiketa bat jaurti ahal izateko zozketan parte hartu ahal izango dute euro baten truke. Zozketan garaile suertatzen denak, partidaren atsedenaldian jaurtiketa egingo du eta sartzen badu 20 euro eta egun horretako zozketan bildutako dirua irabaziko ditu. Sartzen ez badu, egun horretako dirua hurrengo asteko zakura joango da eta hurrena sartzen duenak sari handiagoa izango du.