Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Abenduaren 3an ospatuko da Enplegunea, eta lan eskaintzak egin nahi dituzten enpresek azaroaren 23a baino lehen egin beharko dituzte eskaerak

2021·11·12


Bueltan da Enplegunea, Tolosaldeko lan merkatuaren topaketa. Abenduaren 3an ospatuko da, Lehiberri Zentroan. Enplegu aukera berriak sustatzeko ezinbesteko egitasmoa izan da azken urteotan, egoitza eta lan eremua eskualdean duten enpresei diru-laguntzak ematen baitzaizkie Tolosaldean erroldatuta dauden langabetuak kontratatu ditzaten.

Aurten, Lanbidek ia 400.000 euro bideratu ditu eskualdera, eta orotara 63 kontrataziok jasoko dute diru-laguntza. Kontratazio gastuaren %75 lagunduko da, hilabete bakoitzeko lanpostuko 1000€rekin, eta gehienez sei hilabetez. Kontratazioko epealdia, 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa da.

Tolosaldea Garatzenek egunotan abiatuko du prospekzioa enpresetan, lan-aukera berriak detektatzeko. Dena dela, lan-eskaintzaren bat egin nahi duen edozein enpresak izango du bere proposamena egiteko aukera, azaroaren 23ko 15:00ak baino lehen.

Elkarrizketak aurrez aurre

Hori bakarrik ez, eskualdeko enpresen eta lan eskatzaileen arteko topaleku ere bada Enplegunea, enpresa bakoitzak bere lan eskaintzara hobekien egokitzen diren pertsonak aurrez aurre elkarrizketatzeko aukera izango baitu egun horretan.

Azaroaren 23tik aurrera argitaratuko da Enpleguneko lan-eskaintzen zerrenda osoa, eta ordutik aurrera lan bila dabiltzan herritarrek hitzordua eskatzeko aukera izango dute, lan3@tolosaldea.eus helbidera idatziz, edo webgunearen bidez izena emanez. Kontratazioa gauzatu ahal izateko Lanbiden alta emanda ere egon beharko dute.