Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Harraska bat osorik eraman dute eta beste baten oinarrian eta iturrian kalteak eragin dituzte

2021·12·13


Alegiako Beloztegi auzoan dagoen baratze parkean lapurreta bat egin dute azken egunetan. Erabiltzaileak abenduaren 6ko eguerdian jabetu ziren baratze parkeko etxolaren inguruan zegoen harraska bat eraman zutela eta beste baten oinarrian kalteak eragin zituztela, iturria hondatzearekin batera.

Baratze parkeko lursailak erabiltzen dituzten herritarrek osaturiko Beloztegi Herri Baratzak elkarteak eta Alegiako Udalak gogor gaitzetsi nahi dute gertaera hau. Erabiltzaileen elkartetik adierazi dutenez, “azken urtean behin baino gehiagotan jabetu gara barazkiak ostu izan dizkigutela baina ez diogu aparteko garrantzirik eman. Dena den, eragin dituzten kalteak eragitea serioagoa iruditzen zaigu eta salaketa jarri dugu”.

Aldi berean, barazki beharrean dagoen herritarren bat balego, beraiekin harremanetan jarri eta beldurrik gabe eskatzeko deia ere luzatu dute, askotan soberan geratzen zaizkielako. Baina ez dute uste ekintza hau elikagai beharrean dagoen norbaitek egin duenik. Horrekin batera, baratze parkean hainbat lursail libre daudela ere gogorarazi dute, herritarren batek interesa balu ere.

Alegiako Udalak bat egiten du erabiltzaileen elkarteak egindako gaitzespenarekin eta horrelako jokabideek halako jarduerei eragiten dien kaltea azpimarratu nahi du. Herritar talde bat auzolanean norberarentzat elikagaiak ekoizten ari den eremu bat da baratze parkea eta horrelako ekintzek, antzeko jardueretan pate hartzeko asmoa duten herritarrak atzera bultzatzen dituzte.

Alegiako baratze parkea Baratze Parke Sarean sartuta dago, Udalak Ekogunearekin duen hitzarmen bati esker. Udalak lapurtutako harraska ordezkatuko du eta egindako kalteak ere konponduko dira. Lapurrentzat hain erakargarriak ez diren materialak erabiltzea da asmoa, lapurreta gehiago ekiditeko.