2022·03·02
Alegiako Eztanda talde feministak Aste Morea antolatu du martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan. Martxoaren 5etik 15era bitartean luzatuko da aste hori eta guztira lau ekitaldi izango dira. Martxoaren 5ean, larunbata, mendi martxa morea egingo da Mareara. Mendi Asanbladarekin elkarlanean antolatu da eta 9:00etan plazan jarri dute hitzordua, parte hartu nahi duen ororentzat.
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eguneko aldarrikapen nagusiekin bat egin eta kontzentrazio bat egingo da 19:00etan plazan.
Martxoaren 10ean, osteguna Pintxo Pote Morea egingo da. Kolore moreko zerbait jantzi eta herrian egiten den pintxo potean parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak Eztandak.
Azkenik, martxoaren 15ean, asteartea, ‘Raketistak lehen eta orain’ dokumentala eskainiko da Elizpe zinean 18:30etik aurrera eta ondoren herriko palisten testigantzak entzuteko aukera izango da.
Alegiako Udalak bat egiten du ekitaldi hauekin eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditu.