Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Irakurle taldera kide berriak animatu nahi dira eta interesatuak saio horretara agertu daitezke

2022·03·03


Alegiako Irakurle Taldeak 2022ko lehen saioa egingo du martxoaren 10ean, osteguna. 18:00etatik aurrera Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’ eleberria aztertuko dute liburutegian Amaia Goikoetxearen gidaritzapean. Saioak irauten duen bitartean liburutegia itxita egongo da.

Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat. Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu. Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu.

Kide berriak erakartzea helburu

Alegiako Irakurle Taldeak partaide berriak erakarri nahi ditu. Aukeratzen diren liburuen inguruan solasaldi atseginak izaten dituzte saioetan parte hartzen duten kideek eta jende gehiago erakarri nahi da, horrela saioak aberasgarriagoak izan daitezkeelako. Irakurle taldeko kide izan nahi dutenek martxoaren 10erako ‘Eraikuntzarako materiala’ liburuaren inguruko saiora agertu besterik ez dute. Ez du axola liburua irakurrita edo irakurri gabe izateak. Informazio gehiago kultur etxean eskatu dezakete.