Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Alegiarrek 73 eta 51 irabazi zioten Contubi Oiarsori fase erregularreko azken jardunaldian

2022·03·28


Elorri Aldapak denboraldiko bigarren zatiari ekingo dio asteburuan. Gizonezko nagusien hirugarren mailako lehen multzoan bigarren postuan geratu dira hemezortzi jardunaldi izan dituen ligaxkaren amaieran. 28 puntu batu dituzte alegiarrek eta azken biak iragan larunbatean lortu zituzten, Contubi Oiarsoren aurka 73 eta 51 irabazita. Eroso aritu ziren Elorri Aldapakoak baina aurkariari markagailuan gehiegi hurbiltzen utzi zioten hainbatetan. Gauzak estu jartzen zirenean ordea, duten joko maila erakutsi eta berehala zabaltzen zuten aldea alegiarrek.

Gauzak horrela, kopa jokatzen hasiko dira asteburuan. Final zortzirenetako kanporaketan Ostadar taldea izango dute aurkari, maila bereko bigarren multzoan zazpigarren sailkatu den taldea. Joaneko partida larunbatean jokatuko dute 18:00etan Lasarten eta itzulerakoa hurrengo asteburuan etxean. Kanporaketa hori gainditzen duenak Astigarragako Mundarroren eta Andraitzen arteko kanporaketako irabazlea izango du aurkari final laurdenetan.

Intxurreren 50. urteurrena

Intxurre elkarteak 50 urte betetzen dituen honetan, Elorri Aldapak errekonozimendu bat egin nahi izan zion elkarteari larunbateko partidan. Kantxaren bueltan urtemugako logotipoa zuten kartelak ipini zituzten eta atsedenaldian argazkia atera zuten Elorri Aldapako eta partida amaitu berria zuten Intxurreko erregional mailako gizonezkoen taldeko jokalariek.