Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Ostiralean Rezustaren aurka jokatuko du alegiarrak Oiartzunen final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldian

2022·04·27


Iñaki Artolak porrotarekin ekin dio buruz buruko pilota txapelketako aurtengo ibiliari. Unai Lasoren aurka jokatu zuen atzo Zumaian final laurdenetako ligaxkako lehen partida eta 22 eta 10 galdu zuen. Ondo ekin zion lehiari alegiarrak baina partidaren erditik aurrera nafarra nagusi izan zen eta alegiarrak ez zuen garaipena lortzeko aukerarik izan.

Bigarren jardunaldiko partida ostiralean bertan izango du Artolak. Bera bezalaxe lehen partidan galtzaile suertatu zen Beñat Rezustaren aurka jokatuko du 22:00etatik aurrera Oiartzunen. Iaz finalerdietan izan ziren elkarren aurka biak eta alegiarrak 22 eta 17 irabazi zuen, nahiz eta gero lesio batek finala jokatzea eragotzi. Partida hori irabazten duena finalerdietara sailkatzeko aukerekin iritsiko da azken jardunaldira. Galtzailea berriz, aukera gutxirekin edo batere gabe, beste partidan gertatzen denaren arabera.

Intxurrekoen partidak

Ostiralean eta larunbatean Intxurreko pilotarien lau partida jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Ostiralan hiru izango dira 19:15ean hasita eta larunbatean bakarra, 10:15ean Ondokoa da partiden zerrenda:

Apirilak 29, ostirala, 19:15ean hasita:

Gipuzkoako binakako txapelketa

-Gizonezko alebinen bigarren maila: Intxurre-Arrasate

Gipuzkoako lau t’erdiko txapelketa

-Gizonezkoen jubenilen bigarren maila: Otegi (Intxurre)-Iriarte (Oiarpe).

-Gizonezkoen nagusien bigarren maila: Oiarbide (Intxurre)-Cisneros (Hernani).

Apirilak 30, larunbata, 10:15ean:

Gipuzkoako lau t’erdiko txapelketa

-Gizonezkoen kadeteen lehen maila: Iturriotz (Intxurre)-Olaiz (Oiarpe).

Bestetik, Intxurre taldea BERRIA txapelketatik kanpo geratu da Zugarralderen aurkako kanporaketa 2 eta 1 galdu ostean. Kadeteen partida alegiarrek irabazi zuten baina jubeniletan eta nagusietan Burlatakoek lortu zituzten garaipenak, hurrengo faserako txartela lortuz.