Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
42 eta 45 irabazi zuten alegiarrek Modelos Modelberriren kantxan azken laurdenean markagailuari buelta eman ostean

2022·05·02


Elorri Aldapak garaipen sufritua eskuratu zuen atzo Elgoibarren. Modelos Modelberriren aurka kopako final laurdenetako joanekoa jokatu zuten eta 42 eta 45 irabaztea lortu zuten partida oso lehiatu batean. Fisikoki talde oso gogorra topatu zuten alegiarrek, esperientzia handiko jokalariak zituena. Lehen hiru laurdenetan Elorri Aldapak zortea ere ez zuen alde izan, barrurako bidean ziren jaurtiketa askok azken unean kanporako bidea hartzen zutelako. Hala ere, sufritzen jakin zuten eta hirugarren laurdenean 9 puntuz galtzen ari zirela, hiruko baten bidez partidan sartu ziren. Partida amaitzeko bi minuturen faltan jarri ziren markagailuan aurretik eta azkenerako, hiru puntuko aldeko errenta ekarriko dute itzulerako partidara.

Larunbatean jokatuko da itzulerako partida hori Elorri pilotalekuan. 17:00etan hasiko da neurketa eta ohi bezala, hirukoaren jokoa ere egingo da atsedenaldian. Denboraldiko unerik garrantzitsuenak dira taldearentzat eta zaleen babesa eta berotasuna inoiz baino gehiago estimatuko dute jokalariek. Izan ere, gerta liteke denboraldi honetan etxean jokatuko duten azken partida izatea. Izan ere, finalerdietarako sailkatzen badira, kanporaketa hori partida bakarrera jokatuko da eta posible da etxetik kanpo jokatu behar izatea. Beraz, zaleen babesa ezinbestekoa izango da larunbatean.

Kanporaketa hau gainditzen duen taldeak Mondragon Unibertsitatearen eta Take Coachen arteko kanporaketako irabazlea izango du aurkari finalerdietan. Joanekoan arrasatearrek hiru puntuko aldeaz irabazi zuten Tolosan.