Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Interesatuek kultur etxean edo Udal webguneko galdetegiak betez eman beharko dute izena

2022·05·19


Alegiako Udalak haurrentzako eta nerabeentzako jarduera ezberdinak eskainiko ditu uztailean. Alde batetik, HH4tik LH2ra bitartekoek udaleku irekiez gozatzeko aukera izango dute. Bestetik, LH3tik LH6ra bitartekoek, kirol udalekuak izango dituzte eskura eta azkenik, 2005etik 2009ra bitartean jaiotakoek Udaleku Parte Hartzaileetan aritzeko aukera izango dute.

Azken hori da aurtengo berrikuntza. Uztailaren 4tik 22ra eskainiko da astearteetan eta ostegunetan goizez. Lehen bi asteetan jolasak, tailerrak eta bestelako ekintzak egingo dituzte eta azken astean 2 gaueko irteera bat egingo da. Parte hartzaile bakoitzak 84 euro ordaindu beharko ditu.

Udaleku irekien eta Kirol udalekuen kasuan berriz, bi txanda izango dira, modu honetan antolatuta. Lehen txanda uztailaren 1etik 14ra luzatuko da eta bigarrena uztailaren 18tik 29ra. Txanda baten parte hartzeak 49 euroko prezioa izango du eta bietan jarduteak 84 eurokoa. Jarduera guztien ordutegia 10:00etatik 13:00era izango da, astelehenetik ostiralera.

Izena ematea web bidez eta kultur etxean

Izena emateko bi modu egongo dira. Alde batetik, Udal webgunean Udalekuak atalean sartu eta bertan topatuko dute interesatuek izena emateko galdetegira bideratuko dituen lotura, IZENA EMAN botoia sakatuz. Bestetik, kultur etxean bertan ere eman ahal izango da, 10:00etatik 13:00era eta 18:30etatik 20:00etara. Maiatzaren 23tik 27ra eman ahal izango da izena eta informazio gehiagorako kultur etxera deitu edo idatzi daiteke, 943 65 46 98 zenbakira edo kultura@alegia.eus helbidera.

Plaza mugatuak izango dira eta izen ematearen hurrenkeraren arabera egokituko dira. Ekainaren erdi aldera, plaza dutenei email bat bidaliko zaie plaza konfirmatuz eta udalekuen informazio orokorra zein ordainketaren inguruko xehetasunak emanez.

Eskaintza bakoitzaren inguruko xehetasunak eta izena emateko aukera, lotura honetan.