Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Egindakoaren inguruko ondorioak eta horren inguruko proposamenak helarazi dizkiete udal ordezkariei

2022·05·19


Aralar Institutuko ikasleek ikasturtean zehar Eskola Agenda 2030 programaren barruan eginiko lanaren aurkezpena egin dute udaleko pleno aretoan. Eskola Agenda 2030 programa lantzen dute Aralar institutuan. Programa honen helburua garapen jasangarriaren inguruko hezkuntza eta sentsibilizazioa lantzea da eta ikasturte bakoitzean gai konkretu bat lantzen da. Aurtengoan basoen gaia landu dute DBHko ikasleek eta ikasturtean zehar eginiko lanen ondorio eta proposamenak aurkeztu dizkiote Arantxa Irazusta Alkateari eta Beñat Bergara ingurumen teknikariari.

Ikasleek lan fina egin dute ikasturtean zehar eta besteen artean honako ekintzak burutu dituzte: Zuhaitzen hosto eta haziak bildu eta identifikazio lanak egin dituzte, Langaurreko gunean basoak izan duen bilakaera aztertu dute urte ezberdinetako ortofotoen bidez, Alegiako basoek bertako herritarrek eragiten dituzten CO2 emisioak xurgatzeko duten ahalmena kalkulatu dute, herritarren artean basoen inguruko galdetegia egion dute, eta baso jangarrien proiektu proposamena luzatu diote Udalari.

Udalaren aldetik, alkateak eginiko lan bikainarengatik zoriondu ditu ikasleak eta gaiaren inguruan udalaren ekimen eta proiektuen berri eman die. Era berean, ikasleek eginiko proposamenak aztertu eta erantzun bat emateko konpromisoa hartu du alkateak.