Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
18:00etan hasiko den saioa Amaia Goikoetxeak gidatuko du eta liburutegian izango da

2022·06·10


Ekainaren 16an, osteguna, irakurle taldeak saio berri bat egingo du. 18:00etatik aurrera Jose Inazio Basterretxea Poloren ‘Begoñaren itzalpean’ liburua aztertuko dute liburutegian Amaia Goikoetxeak gidatuko duen saioan. Beronek irauten duen bitartean liburutegia itxita egongo da.

36ko gerrak irabazle eta galtzaileak izan zituen; baina galtzaile guztiak ez ziren berdinak, ezta irabazle guztiak elkarren adiskideak ere. Franco epelegia zelakoan, nazien laguntzaz iraultza egin nahi zuten falangista bilbotar batzuen istorio ezkutua dakarkigu Jose Inazio Basterretxeak, gerrako eta gerraosteko pasadizo ezezagunak fikzionatzeko bere eleberri-sortari jarraipena emanez. Horrekin batera, 1986an, 40 urte baino gehiago igarota, Suitzatik datorren emakume eder eta misteriotsu bat agertzen da detektibe pribatu bilbotar baten bulegoan, bere gurasoak nor ziren jakin nahi duela-eta. Bi hari horiek uztartuz, kontakizun bizi bat ondo du egileak, noiz umoretsu noiz sentsuala, historiaren alderik ilunenak argituz eta bizitzarekiko maitasun-taupadak transmitituz.

Irakurle taldearekin bat egin nahiko lukeen herritarren bat balego, saiora hurbildu daiteke, liburua irakurrita izan edo ez.