2022·06·27
Ostiralean Alegiako X. Pilota Txapelketako bigarren finalerdiak jokatuko dira 19:00etatik aurrera Elorri pilotalekuan. Gizonezkoen kadete eta nagusien mailako partida bana ikusi ahal izango da. Kadeteetan, Goñi eta Castro Intxurreko Muruaren eta Leoneten aurka ariko dira. Nagusietan berriz, bikote bakoitzean Intxurreko ordezkari bana izango da. Irazustabarrena Soraluzeko Muruaren atzelari modura ariko da eta Zubeldiak aurreko koadroetan jokatuko du Tolosako Iztuetarekin bikotea osatuz.
Iragan ostiralean jokatu ziren lehen finalerdiak. Kadeteetan, Zestauek eta Intxurreko Iturriozek lortu zuten finalerako txartela Bidezabali eta Egañari 22 eta 20 irabazita. Nagusietan, Elola eta Aizpuru izango dira finalean, Alberdiri eta Ugartemendiari 22 eta 11 irabazi ostean. Gogoratu, finalak uztailaren 15ean jokatuko direla 22:00etatik aurrera Elorri pilotalekuan.