Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
62 urteko ibilbideari amaiera emango dio larunbatean 20:00etan elizan eskainiko duen emanaldiarekin

2022·06·30


Txintxarri abesbatzak azken kontzertua eskainiko du larunbatean. 1960an hasitako ibilbideari amaiera emango zaio 20:00etatik aurrera Alegiako elizan eskainiko duen emanaldiarekin. Kontzertu horretan Txintxarri Txikik ere hartuko du parte eta gaztetxoen abesbatzak aurrera jarraituko du Loatzo musika eskolaren egituraren barruan.

Joxe Gastesiren gidaritzapean lehenik eta Garbiñe Orbegozorenean ondoren, Txintxarri abesbatzak kontzertu ugari eman du bai Alegian eta baita Alegiatik kanpo ere. Alegian bertan urtean dezentetan izan da abesbatza entzuteko aukera: jaietan, Txintxarri egunean, gabonetan, Agate Deunaren bezperan, arrazoi ezberdinengatik antolaturiko emanaldi berezietan… Horrez gain, herriaren izena han eta hemen zabaltzen ere lagundu du abesbatzaren jardunak. Hemendik aurrera kultur elkarte modura jarraituko du.

Larunbateko kontzertuari Txintxarri Txikik emango dio hasiera. Gaztetxoek bost abesti eskainiko dituzte eta hainbat musika instrumentuz lagunduta ariko dira. Mariaje Rekondo ariko da pianoan, Amane Aizpuru gitarrarekin eta Lide Alustiza, Maria Alvarez eta Intza Lopetegik akordeoia joko dute.

Ondoren Txintxarri abesbatzaren txanda izango da eta hauek ‘Kantatuko nizuke’, ‘Bi bihotz’ eta Ez Dok Amairu taldearen hainbat abesti eskainiko dituzte. Kontzertua borobiltzeko, Xabier Sarasolak Txintxarri abesbatzaren 50. urtemugarako egindako ‘Pausoz pauso’ kantua eskainiko dute. Kasu honetan ere, Mariaje Rekondo ariko da pianoan.

Alegiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie 62 urte hauetan Txintxarri abesbatzako kide izan diren guztiei, denbora tarte luze horretan herriaren alde eta Alegiaren izen ona zabaltzen egindako lanagatik eta eskaini dizkiguten une gogoangarriengatik.