Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Udalak eta Eztanda talde feministak diseinaturiko sexu erasoen aurkako protokoloa indarrean izango da festek irauten duten bitartean

2022·07·06


Aurtengo Alegiako jaietan ere martxan izango da sexu erasoen aurkako protokoloa. Udala eta Eztanda talde feminista elkarlanean aritu dira ‘Ez ezetz da’ lemapean garatuko den protokoloa prestatzen eta hainbat puntu jasotzen ditu. Alde batetik, erasoak salatzeko edo laguntza eskatzeko 606 797 135 telefono zenbakira deitu ahal izango da edozein unetan.

Bestetik, asteazken, ostegun, ostiral eta larunbat gauean etxera taldean joateko hitzorduak egongo dira, etxera bakarrik joan beharrik ez izateko. Talde horiek Orendaingo bidegurutzean elkartuko dira eta hainbat arduradunek lagunduta egingo da etxerako bidea. Hauek dira ordutegiak:

-Asteazkena: 02:00etan eta 04:00etan.

-Osteguna: 02:00etan.

-Ostirala eta larunbata: 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan.

Ordutegi horietatik kanpo norbaitek etxera joateko laguntza beharko balu, aurrez aipaturiko telefono zenbakira deitu dezake eta ordubeteko epean arduradun batek etxera lagunduko dio.

Bide batez, uztailaren 7an, osteguna, protokoloaren funtzionamenduaren inguruko bilera informatibo ireki bat egingo dela gogorarazten da, 16:00etan kultur etxean.

Alegiako Udalak eta Eztanda talde feministak jaietan herrira etorriko direnei festetaz gozatzea opa diete, arduraz jokatzeko deia egitearekin batera, edozein pertsonak jaiez askatasun osoz gozatzeko duen eskubidea aldarrikatuz. Modu berean, argi adierazi nahi dute edozein motako erasoek ez dutela lekurik Alegian.