Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
62 urteko ibilbideari amaiera jarri berri dion Txintxarri abesbatzako kideek botako dute jaien hasierako txupinazoa

2022·07·08


Bi urtez nahi bezala ospatu ezinda egon ostean, bueltan dira pandemia aurretik ezagutzen genituen Alegiako jaiak. Uztailaren 14tik 17ra, ostegunetik igandera, ospatuko dira eta Festa batzordeak herritar guztien intereseko ekintzak biltzen dituen egitarau zabala prestatu du.

Uztailaren 14an haurren Santos Torneoko finala jokatuko da 17:00etan eta 18:30etik aurrera Bonberenea Txarangak girotuko ditu kaleak. 19:00etan Txintxarri abesbatzako kideek jaurtiko dute jaien hasiera iragarriko duen txupinazoa. 62 urteko ibilbidearen ondoren, iragan larunbatean eskaini zuten azken kontzertua eta Festa batzordeak ere aitortza eskaini nahi izan dio abesbatzari. Behin jaiak hasita, Holi Festa izango da eta zahagiardoaren ostean Sutarri dantza taldearen emanaldia 22:00etatik aurrera plazan. Lehen eguna Joxe Mendizabalen erromeriarekin amaituko da.

Uztailaren 15ean, ostirala Giroarte dultzaina taldearen dianak esnatuko du herria. Eguneko zatirik handienean jubilatuak eta gaztetxoak izango dira protagonistak. Jubilatuek mendi martxa egingo dute goizean, hirugarren adineko gimnasian aritzen direnek erakustaldi bat eskainiko dute eta behin lanak amaituta, eguerdian hamaiketakoa izango dute. Gaztetxoek berriz, 11:00etatik aurrera haur parkea izango dute eskolako patioan eta 11:30etik aurrera nerabeentzako “Konkis Txiki” egingo da futbol zelaian. Eguerdian nerabeen 0,0 Zahagiardoa egingo da plazan eta arratsaldean haur parkeak jarraipena izateaz gain, merienda eta play-backa izango dira Larraitz auzoko plazan. Alegiako erraldoiekin kalejira bat egingo da plazara eta bertan toka txapelketa jokatuko da 19:00etan. Ostiraleko zahagiardoa zubian izango da eta gauerako bi hitzordu aurreikusten dira. 22:00etan Alegiako Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Kadeteetan Muruak eta Leonetek Zestauren eta Iturriozen aurka jokatuko dute. Nagusietan, Murua eta Aratz Irazustabarrena alegiarra Elolaren eta Aizpururen aurka ariko dira. Gauerditik aurrera Nikotina eta Skabidean taldeen kontzertuak izango dira plazan.

Larunbatean ere dultzaineroen diana izango da. 11:00etan Alegiako erraldoien kalejira egingo da elizatik abiatuta eta eguerdian ohiko sagardo dastaketa plaza, txorizo eta sardina erreekin. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi eta Aulia sagardotegietako sagardoak izango dira. 16:00etan 3x3 saskibaloi torneoa jokatuko da nagusientzat Larraitz auzoko plazan eta 18:00etan buruhaundien eta erraldoien kalejira egingo da. 19:00etan Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Amets Arzallus eta Unai Mendizabalen bertso saioa izango da plazan, Amaia Agirrerek aurkeztutako gaien inguruan. Larraitz auzoan egingo da zahagiardoa eta gauean DJ Oizederren saioa izango da plazan.

Azken egunari herriko txistularien kalejira bereziarekin emango zaio hasiera. Eguerdian Demode Quartet taldearen emanaldia izango da plazan eta 17:30ean apar festa eskolako patioan. 18:30ean herri kirolen ohiko hitzordu nagusia ere izango da. Harrijasotzaileen XV. Txintxarri Saria jokatuko da eskolako patioan bertan, binakako formatuan: Aimar Irigoien eta Paulo Azpiazu, Jokin Eizmendi eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV eta Jon Unanue Goenatxo III eta Mike Lopetegi Urra bikoteak ariko dira lehian. Saio berean, Udane Ostolozaren eta Aroa Sanchezen erakustaldia izango da. 19:30ean Gabenara taldearen erromeria hasiko da plazan eta zahagiardoaren ostean jarraituko du. Gauerdian Txintxarria erre eta jaiak agurtuko dira. Festa batzordeak herritarrei ekitaldi horretara txintxarriekin joateko eskatzen die.

Egitarau osoa lotura honetan eta webgune honetako agenda atalean kontsultatu daiteke.

Sexu erasoen aurkako protokoloa

Eztanda talde feministaren eta Udalaren elkarlanari esker, sexu erasoen aurkako protokolo bat martxan izango da festetan. Asteazken gauetik hasi eta larunbat gauera bitartean etxera taldean hainbat arduradunek lagunduta joateko hitzorduak egongo dira. Asteazkenean 02:00etan eta 04:00etan izango dira hitzordu horiek. Ostegunean 02:00etan. Ostiralean eta larunbatean 01:00ean, 03:00etan eta 05:00etan.

Ordutegi horretatik kanpo norbaitek laguntza beharrezkoa balu, 606 797 135 telefonora deitu dezake eta ordubeteko epean gehienez, arduradun baten laguntza izango dute etxera joateko.

Horrekin batera, festetan hainbat pertsona besokoekin ibiliko dira. Norbaitek erasoren bat ikusten badu edo erasoren bat jasaten badu, besokoa duen pertsona horietakoren batera jo dezake edo aipatu zenbakira deitu, laguntza jasotzeko.

Bulebarrean asteazkenetik

Ohiturari jarraituz, gaztetxeak antolaturiko jaiak ere izango dira. Gaztetasunak ematen duen indarragatik edo, egun bat lehenago emango zaio hasiera festari bulebarrean. Hilaren 13an kuadrillen arteko herri kirolak egingo dira 17:00etan. 19:00etan sagardo dastaketa izango da eta gauean erromeria. Kantzontzilo eta kulero karrera, karaokea eta gaupaseroen argazkia izango dira lehen parranda gaueko beste osagaiak.

Ostegunean musika izango da protagonista. Arratsaldean Biren taldeak emanaldi akustikoa eskainiko du eta gauean Urkabe eta Malakias Ta Maixa izango dira.

Ostiralean egun nagusia izango dute gazteek. Eguerditik hasita bazkaria egingo da bulebarrean eta arratsaldean kuadrillen arteko jolasak izango dira. Gauean Skasti, Liluraren Kontra eta DJ Kraken Eko ariko dira. Goizaldean txarangak jarriko du giroa.

Larunbat gauean Bass Again, DJ Brujo Txapahotsa Sound Sistem eta DJ Naza ariko dira bulebarreko oholtzan eta igandean aurtengo berrikuntzetako bat izango da. 17:00etan A.Txa.Txa (Alegiako Txapela Txapelketa) jokatuko da. Iluntzean Alaitz Artolaren kontzertua izango da eta herriko bertsolarien saioarekin amaituko dira jaiak.