Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Alegiako lau gaztek osaturiko Gipuzurekin taldeak lortu zuen garaipena Txitibar taldearen aurkako finalean

2022·07·11


Giro ederrean jokatu zen iragan larunbatean Elorri Aldapa taldeak antolaturiko infantil eta kadete mailetako 3x3 saskibaloi txapelketa. Alegiako Herri Eskolako patioan goizean goiz ekin zitzaien partidei eta maila oneko txapelketa ikusi ahal izan zen. Lehen faseko partidak jokatu ostean, Andoaingo Ganbara saskibaloi taldeko Txitibar taldeak lortu zuen lehen postua, partida guztiak irabazita. Bigarren postuan Alegiako Gipuzurekin taldea sailkatu zen. Bi taldeen arteko finalean gauzak oso estu izan ziren eta azken unean sartutako bi hirukori esker Gipuzurekin taldea osatzen zuten Oier Garaikoetxeak, Aiert Balerdik, Jokin Alustizak eta Aitor Leok lortu zuten garaipena.

Antolakuntzak aipamen berezia egin nahi dio Elorri Neskak taldeari. Neskez osaturiko talde bakarra izan zen Mariak, Karlak eta Morek osatu zutena eta maila bikaina eman zuten. Nabari da aurtengo denboraldian Joseba Karrerarekin egin duten lana.

Gaztetxoena amaituta, datorren larunbatean nagusien mailako txapelketa jokatuko da 16:00etatik aurrera Larraitz auzoko plazan. Talde ezberdinak ari dira izena ematen baina Elorri Aldapatik herriko taldeak txapelketan parte hartzera animatu nahi dira.