2022·07·14
Lehertu da festa Alegian! Orain minutu gutxi hasi dira aurtengo jaiak eta igandera bitartean festarako aukera ugari izango dute alegiarrek eta bertaratzen diren guztiek. Haurren Santos futbol torneoko finalak jokatu dira arratsaldean eta txupinazoaren aurretik hasita, Bonberenea txaranga dabil une hauetan kalean giroa jartzen. 62 urteren ostean bere jarduna amaitutzat eman duen Txintxarri abesbatzako kideek bota dute jaien hasierako txupinazoa. Herrian arrastoa utzi duen taldea izan da. Asko izan dira urte horietan guztietan abesbatzatik pasa diren herritarrak eta Alegiaren izena han eta hemen zabaltzen ere lagundu du. Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzetako kideak udaletxeko balkoietara atera dira eta ‘Trapu zaharrak’ abestia abestu dute plazan bilduta zeuden herritarrekin batera. Sutarri dantza taldeak ere parte hartu du ekitaldian, dantza bat eskainiz. Mila Begiristain abesbatzako kideak eskerrak eman dizkie herritarrei eta festez gozatzera gonbidatu ditu.
Lehen eguna amaitzeko, laster zahagiardoa egingo da plazan eta 22:00etan Sutarri dantza taldearen emanaldia izango da plazan bertan. Horren ostean Joxe Mendizabalekin erromeria izango da.
Bihar jubilatuak eta haurrak izango dira protagonistak eguneko lehen zatian. Azpian duzue biharko egitaraua:
09:00. Giroarte dultzaina taldeak alaituriko DIANA.
09:00. Jubilatuek antolatutako MENDI IBILALDIA.
11:00. Hirugarren adineko soinketako ikasleen emanaldia plazan.
Ondoren, jubilatuentzat HAMAIKETAKOA.
11:00. HAUR PARKEA eskolako patioan.
11:30. Nerabeentzako, “KONKIS TXIKI” futbol zelaian.
14:00. Nerabeen “0.0 zahagiardoa” plazan.
16:00. HAUR PARKEA eskolako patioan.
18:00. MERIENDA Larraitz auzoko plazan.
Ondoren, haurrentzako PLAY-BACK saioa.
Ondoren, Alegiako erraldoien KALEJIRA Larraitz auzotik.
19:00. Herritarren arteko TOKA TXAPELKETA plazan 12 eta 15 urte bitartekoentzat eta ondoren 16 urtetik gorakoentzat.
21:00. ZAHAGIARDOA zubian.
22:00. PILOTA JAIALDIA Elorri pilotalekuan.
Alegiako X. Pilota txapelketako finalak. Kadete eta Nagusien mailak.
00:00. NIKOTINA eta SKABIDEAN taldeen kontzertuak plazan.
Bulebarrean kontzertuak
Atzo jaiak indartsu hasi ostean, gaur egun lasaia dute gazteek biharkoaren atarian. Biren taldearen emanaldi akustikoaz gozatzeko aukera dute une honetan bulebarrean eta gauean Urkabe eta Malakias eta Maixa taldeen txanda izango da. Bihar bete-beteko eguna dute. Bertso poteoa, bazkaria, jolasak eta Skastiren kontzertua, besteren artean.