Web edukia bistaratu
Itzuli orri osora
Adin guztietako publikoari zuzenduriko ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izaten ari da jendea, azken egunaren atarian

2022·07·16


Nabari da Alegiako jaiak asteburuan sartu direla. Atzo iluntzean eta gaur egun osoan zehar jendetza dabil herrian, jaietako hirugarren eguna ematen ari denaz gozatuz. Beroa ere protagonista ari da izaten eta itzalak estimu handia du. Goizeko dianaren ostean, Alegiako Joanito eta Karmele erraldoien kalejira egin da eta eguerdian jende asko elkartu da plazan Eguzkitza, Sarasola, Isastegi eta Aulia sagardotegietako sagardoa dastatzeko eta txorizo edo sardina erre batzuk jateko asmoz. 16:00etatik jokoan da nagusien mailako 3x3 saskibaloi txapelketa Larraitz auzoko plazan eta une honetan Billabonako erraldoiekin eta buruhaundiekin, Loatzo musika eskolako dultzaina ikasleekin eta Giroarte dultzaina taldearekin kalejira egiten ari dira herrian zehar. 19:00etan bertso saioa izango da plazan. Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Amets Arzallus eta Unai Mendizabal ariko dira kantuan Amaia Agirrek jarritako gaien bueltan. Gaurko zahagiardoa Larraitz auzoan izango da eta gauerdian  DJ Oizederren saioa izango da plazan.

Bihar azken eguna izango da baina bete-beteko egitaraua izango da azken indar horiek xahutzeko. Hemen biharko egitaraua aletuta:

09:30 KALEJIRA BEREZIA herriko txistulariekin.

12:15 DEMODE QUARTET taldearen emanaldia plazan.

17:30 APAR FESTA eskolako patioan.

18:30 HERRI KIROLAK Larraitz auzoko plazan. HARRIJASOTZAILEEN XV. TXINTXARRI SARIA. Binakako torneoa:

-Aimar Irigoien – Paulo Azpiazu

-Jokin Eizmendi – Hodei Iruretagoiena Izeta IV

-Jon Unanue Goenatxo III – Mikel Lopetegi Urra

Tartean, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchezen erakustaldia.

19:30 GABENARA taldearekin erromeria plazan.

21:00 ZAHAGIARDOA plazan.

23:00 GABENARA taldearekin erromeria plazan.

00:00 Txintxarriaren erreketa eta jaien agurra.

Bulebarrean musika gehiago

Atzoko egun indartsuaren ostean, lasai hartu dute eguna gazteek. Zahagiardoaren ostean Bass Again, Dj Brujo Txapahotsa Jai Sistem eta Dj Nazaren saioak izango dira. Biharko azken egunean A.Txa.Txa Alegiko Txapela Txapelketa jokatuko da arratsaldean, iluntzean Alaitz Artolaren kontzertua izango da eta gauean herriko bertsolarien saioarekin amaituko dira jaiak.