Historia

Historia

Alegiaren historian argitu gabeko galdera eta datu ugari daude. Herriari buruzko dokumentazio eza da oztopo nagusienetakoa, eta ondorioz, herriaren sorrerari buruzko data finkorik ere ez dago. Inguruan sakabanatuta bizi zen jendea bertan biltzen hasi eta biltze horrek dakartzan abantailak kontuan hartuta, udalerri bihurtzeko kontzientzia sortu zela esaten da.

Lehen zailtasuna izenari dagokio. Alegria de Oria izena Alegia izenarekin ordezkatua izan zen, 1980ko martxoaren 11n Udalaren ekimenez martxan jarri eta 6 urte geroago, 1986ko urtarrilaren 22an Toki Administrazioko Sailordetzak emandako ebazpenarekin. Gauza bat ia ziurra da: Alegria hitza jatorriz ez datorrela gaztelerazko toponimo batetik. “Erria” atzizkian oinarrituz konbinazio ugari egin daiteke, baina inolako oinarri objektiborik gabeak.

Alegia Gipuzkoan izan ziren hiru herri-barruti nagusietako bat izan zen oso antzinatik. Hitz honetan gure hiribilduaren etimologia aurkitu nahirik, zailtasun nagusia ez dugu fonetikan topatzen, zailtasun nagusia geografikoa da: herri-barruti nagusi horrek hasiera batean Lazkao, Olaberria, Itxaso eta Arriarango kontzejuak bildu zituen. Aurrerago Zumarraga, Gabiria eta Ezkioga ere bai. Baina ez al da adierazgarria Gabirian Alegriako auzoa izatea?

Alegiaren sorkuntza-data zehatza ezezaguna da. 1319. urtean Tolosako jurisdikzioan barne hartu zen, eta urtarrilaren 21ean bertako bizilagunen eskariz anexioa izenpetu zen, bi mendeetan zehar hiri honetako jurisdikzioan barne hartuta egon ziren hogeita lau auzoetako bat izan zelarik.

Henao eta Garibay historialarien arabera, Alegiako biztanleak 1321ean Beotibarko guduan borrokatu ziren; irizpide horren arabera, lekua eta hiribildua jurisdikzio beraren barruan egonda, ez litzateke harritzekoa Alegiako herritarrek Tolosatik irten zen zortziehun gizonen konpainia osatu izana. Alegiarrak guda hartan partaide izanaren argudio gisa erabili izan da, era berean, San Joan Bataiatzailearen Zaindariaren festa egunean Bordoi dantza egiten zela herrian. Hori horrela izanik, Tolosan eta Alegian, bi herri hauetan bakarrik dantzatu izan da dantza hau, ohituraren arabera, guda-zelaietatik itzultzerakoan beren armak gurutzatuz garaileek ospatu zituzten jaietan oinarritzen da dantza hau.

1454. urtean hiri titulua lortu zuen, Enrique IV.a erregeari egindako zerbitzu garrantzitsuen ordainsari gisa. Nolanahi ere, arlo zibil eta kriminalerako eskumen osoa, bai eta erabat independentea zen hiri izaerari loturiko gainontzeko eskubideak ere, 1615. urteko apirilaren 3an lortu zituen, Felipe III.ak Madrilen emandako pribilegioaren indarrez.

Probintziako Batzar Nagusietan eta Partikularretan ordezkari gehiago izateko xedez, Ikaztegieta eta Orendainekin batera Aizpuruako Batasunean barne hartu zen. Batasun hau 1625. urteko apirilaren 7an izenpetu zen kontratu baten bitartez gauzatu zen. Hiru hirien artean ahaldun komun bat izendatzen zuten. Hitzarmenak hogei urtero berritzen ziren. 1660. urtean Altzo Batasunera elkartu zen.

Aizpuruako Batasunak 43 su izan zituen, ondoko eran banatuta zeudenak: 11 su Alegiari zegozkion, 13 Orendaini, 8 Ikaztegietari eta 11 Altzori.

Bertako dolareetatik ateratzen zen sagardoa mendeetan zehar ospetsua izan zen, bai kalitateagatik bai eta kantitateagatik ere. Hirigunean 26 dolare zeuden sagardoa egiteko, zenbait baserritan etxeko kontsumorako zeudenez gain.

Lau iturri izan zituen, bertako bizilagunen erabilera publikorako. Iturri bat Linapozuelon zegoen, beste bat Artosinen, hirugarrena Langatu baserritik hurbil, eta laugarrena Amezketa ibaiaren ezkerreko bazterrean.

1532. urtean, ia herri osoa suntsitu zuen sute bat egon zen. Bederatzi etxe bakarrik geratu ziren. Eta 1648. urtean hemeretzi etxe erre ziren.

Ibaitik hain gertu dagoenez gero, uholdeak beti izan dira kontuan hartu beharreko mehatxua. 1762. urteko ekainaren 20ko uholdean zenbait pertsona hil ziren. Baina ezagutzen diren uholderik larrienak 1953. urteko urriaren 15ean eta 1983. urteko abuztuaren 26an gertatu ziren. Ura 2,10 metroko altuerara iritsi zen lehenengoan eta 2,30 metroko altuerara bigarrenean.

Armarria

Alegiako udalerriaren armarria bost otso odoleztatuk osatzen dute, bandera eta guda-sinboloekin. Harritan tailatutako armarria Udaletxeko fatxadan ikus daiteke. Harria Arabako Aguraindik ekarria da.

Armarria Enrique IV erregeak eman zion udalerriari, Olmedoko gudan alegiarrek azaldutako ausardia saritzeko.

Udalerriko armarria urteetan erabili izan da Udalaren identifikazio irudi gisa. Armarria alboratu gabe, 2010az geroztik irudi berriago bat ere erabiltzen du Udalak, herriko ezaugarri nagusienetakoa den zubi zaharra eta udaletxea bera oinarri dituena, hain zuzen ere.