Kokapena
Kokapena
Alegia Gipuzkoako ekialdean kokatzen den udalerria da, Tolosaldea eskualdearen barnean. Donostiatik 30 kilometrora dago eta bertara iristeko N-I errepidea eta Renferen aldiriko tren zerbitzua ditu. Hego Euskal Herriko beste hiriburuetara eta Baionara errepidez ordubete inguruko bidea dago. Donibane Garazira eta Maulera pixka bat gehiago. 7,8 km²ko azalera du 1700 biztanle dituen herri honek eta itsasoaren mailarekiko 94 metroko altueran dago.
Oria ibaiaren arroan kokatzen da eta badu beste adar bat ere. Amezketa eta Oria ibaiek Alegian egiten dute bat. Bi gune nagusi ditu herriak. Alde batetik San Juan kalea eta bestetik Larraitz auzoa. Horiez gain, Auzo Txikia, Errotaldea eta Beistin auzuneak eta landa eremuan kokatutako hainbat baserri ere badira.
Tolosa da eskualdeko hiri nagusia baina Alegia inguruko herri txikientzako (Altzo, Orendain, Ikaztegieta, Aldaba...) zerbitzu gune nagusia da. Errotaldeko eta Bazurkako industrialdeak eta San Juan kalean zein Larraitz auzoan kokatzen diren mota ezberdineko saltokiak, tabernak eta jatetxeak dira herriko jarduera ekonomiko nagusiak.